EUSKAL HERRIKO IBAIAK

Ibaia lur azaletik mugitzen den ur-laster edo ur-korrontea da. Mendietan edo goi-lurretan sortzen da, euri-ura pilatzen denean edo elurra urtzen denean. Ibaia jaiotzen den tokiari iturburua deitzen zaio. Beste ibai batean, aintzira edo laku batean edota itsasoan bukatzen da; itsasoan bukatzen denean, normalean leku horri bokale edo ibai-ahoa deitzen zaio. Ibaiak txikiak direnean, erreka deitzen zaie, baita errekasto eta lats ere.

Ibaiak iturburutik itsasoratu arte egiten duen ibilbidea ibilgu deitzen da. Hiru zati bereizten ditugu: goi-ibilgua, erdiko ibilgua eta behe-ibilgua.
  • Goi-ibilgua: ibaiaren zatirik aldapatsuena da. Zati honetan, ibaiak ez dira oso sakonak edo zabalak izaten eta ura oso azkar jaisten da, eta daraman abiaduragatik ibilguko lurra eta harriak mugitzen ditu; horri higaduraesaten zaio.
  • Erdiko ibilgua: aldapa gutxiagoko zatia da. Hemen, higadura txikiagoa izaten da, ibaiak sakonagoak eta zabalagoak izaten dira eta urak material fin edo txikiak eramaten edo garraiatzen ditu.
  • Behe-ibilgua: ibaiaren azken zatia da, itsasotik edo ibai-ahotik hurbilekoa, lurrak oso aldapa gutxi duen lekuan. Ibaiaren zatirik zabalena eta sakonena izaten da, ura oso poliki mugitzen da eta, horregatik, sedimentazioa gertatzen da bertan: hots, urak garraiatu duen materiala (lurra, harriak eta abar) hondoan edo ertzetan pilatzen edo metatzen da.


Higadura lurraren gainazalean dauden materialak (lurra, lokatza, harriak, etab.) pixkanaka desegiten edo desintegratzen dituen prozesu naturala da. Prozesu hori euri urak, haizeak, izotzak, ibaiek edo itsasoak eragiten dute. Higaduraren ondorioz, askatzen diren material horiek ez dira toki berean gelditzen, urak, haizeak edo beste eragileek lekuz aldatu edo garraiatu egiten dituzte. Material horiek, bai malda gutxitzen delako, bai eragileen abiadura txikitzen delako leku egonkorrago batera iristen direnean, bertan pilatzen dira. Prozesu horri sedimentazioadeitzen zaio.


Prozesu horren guztiaren ondorioz, lurraren erliebea aldatu egiten da etengabe.



Iruzkinak